noticia

«Ez dakit Tahrirreko eskaera guztiak beteko diren, baina ikusteko anitz gelditzen da»

Mikel Rodríguez

Bartzelona utzi nahi zuelako joan zen Marc Almodovar kazetaria (Bartzelona, 1984) Egiptora, 2008an. Niloko Deltako Mahalla al-Kubra hiriko langileen matxinadak erakarri zuen. «Ikusi nuen gauza anitz gertatzen ari zirela Egipton, eta inork ez zuela haiei buruz hitz egiten». Arabiera ikasten eta bertako kultura ezagutzen eman zituen lehenbiziko urteak. «Orduan Egiptok ez zuen hainbertzeko arreta bereganatzen, eta lasai zentratu ahal izan nintzen ikasketan». 2011ko urtarrilean aldatu zen dena. Matxinada bertatik bertara ezagutu izan zuen Almodovarrek, eta ordutik, hainbat hedabiderentzat idatzi du Egiptotik, horien artean BERRIArentzat. Bizitakoaren, ikusitakoaren eta aztertutakoaren emaitzatzat, Egipto tras la barricada (Virus editorial) liburua argitaratu du aurten. Euskal Herrian izan da aste honetan aurkezpena egiten, Gasteizen, Bilbon, Errenterian eta Iruñean, hurrenez hurren.

Matxinada piztu baino hiru urte lehenago ailegatu zinen Egiptora. Zer ari zen gertatzen urte horietan?

Kanpotik begiratuta, hasieran bazirudien [2011ko urtarrilean] bat-bateko leherketa bat gertatu zela, baina dena prozesu baten ondorio da. II. Mundu Gerratik herrialdean izandako langile mobilizazio olatu handienak gertatu ziren, AEBek Iraken egindako esku hartzearen aurka edo palestinarren Bigarren Intifadaren alde Tahrir plaza okupatu zen 2011 baino lehen, eta horietan erregimenari kolaborazionismoa egotzi zitzaion. Asaldura bat zegoen, eta gero, 2004-2005 aldian, ikusi zen Hosni Mubarak haren seme Gamalen eskuetan hasi zela boterea uzten. Gamalen eskutik, politikari ultraliberalak sartu ziren boterean, eta liberalizazio eta pribatizazio prozesua azkartu zuten. Eta azkenik, Tunisiako ereduak erreakzio bat eragin zuen. Tunisiak beldurrarekin haustea ekarri zuen, egiptoarrak hainbertze denboraz geldirik mantendu zituen beldur horrekin.

Eguneroko kontakizunean, agian, galdu egiten da arazoen erroen perspektiba hori.

Horregatik eragiten zidaten frustrazioa kazetaritzako artikuluek. Produkzioaren errutinak eta hedabideen logikak aunitz zailtzen zidaten nire artikuluen bidez jendeak ideia bat hartzea Egipton egiaz gertatzen ari zenaren inguruan. Horregatik, berebiziko behar bat neukan azaltzeko Egipton gertatzen ari zenaren inguruan zein ziren nire ustez puntu erabakigarrienak. Eta orduan hasi nintzen liburua idazten.

Mendebaldean, oro har, Egiptoko matxinadaren aldeko jarrera nagusitu zen, baina liburuan azaldu duzu Mendebaldeko erakundeek Egipto goraipatzen zutela 2011 baino lehen.

Gamal Mubaraken klana liberalizazio politika masiboak egiten hasi zenean, finantza erakundeek txalotu egin zuten. 2007an, Munduko Bankuak herrialde erreformistenaren saria eman zion Egiptori. Barne Produktu Gordina hazi egin zen, eta datu makroekonomikoak hagitz onak ziren. Baina diru hori hagitz esku gutxitan pilatu zen, eta gizartean haustura bat ekarri zuen horrek. Pobre bizi zen herritarren kopurua —bi dolar baino gutxiagorekin egunean—, %20tik %40ra igaro zen, eta muturreko pobrezian, berriz, —dolar bat baino gutxiago egunean—, herritarren %30 bizi ziren. Eta nazioarteko finantza erakundeek hori dena zuzendu zuten think tank-ak lagundu zituzten.

Zein talde izan zen erabakigarria matxinadan?

Zaila da katalogatzea. Herria bera izan zen. Urtarrilaren 25ean, hasieran alderdi bakoitza bere banderarekin atera zen, baina ordu batzuen buruan erretiratu ziren, eta masak uko egin zion karrikak husteari. «Honat etorri gara, hemen gelditzeko», erran zuen masa handi horrek. Gero, noski, masa hori erabili egin zuten batzuek eta bertzeek.

Anaia Musulmanek eta militarrek akordio bat egin zutela diozu.

Anaia Musulmanak ez ziren egon hasierako mobilizazioetan. Historikoki, anaidiak eta militarrek gorroto-amodiozko harreman bat eduki dute. 2011ko iraultzan, indar iraultzaileen aldarria hautsi, eta Anaia Musulmanak erregimenarekin eseri ziren negoziatzeko —Omar Suleiman presidenteordearekin—. Anaia Musulmanak indartzen ari ziren, eta erregimenak karriketan bakea beharra zuen, bereziki Mendebaldea lasaitzeko. Orduan, trantsiziorako akordioa itxi zuten: Mubarak sakrifikatu, iraultzak irabazi zuela erran, jendeari etxera itzultzeko eskatu, eta hauteskundeetara deitu zuten.

Anaia Musulmanak gizartean hagitz errotuta daude, ezta? Babes handia daukate.

Tira, baina ikus dezakegu 2011ko parlamenturako hauteskundeetatik 2012ko presidentetzarakoak arte igarotako bortz hilabeteetan botoen %50 galdu zituztela. Egia da hagitz egitura militantea daukatela, eta haien proiektuarekin konbentzituta dagoen inguru bat. Zenbait eskualdetan ere babes handia dauka islamismoak, baita Anaia Musulmanetatik eskuinerago dauden taldeek ere, baina egoera hagitz aldakorra da.

Zergatik?

Adibidez, militarren ospea ere Dragon Khan-a bezala mugitu da: gorenean 2011ko urtarrilean, eta gutxienean Junta Militarrarekin. Orain berriz ere herritarrak karrikara atera dira militarrak kritikatzera, eta hori pentsaezina zen iazko udan.

Nola hautsi zen anaidiaren eta militarren arteko akordioa?

Mohamed Mursik ia urtebete agintean egin ondoren, Anaia Musulmanen ospea gutxieneko historikotan zegoen. Aitzineko aldiaren jarraipen politika bat egin zuten, batez ere, arlo ekonomikoan —Nazioarteko Diru Funtsari mailegu bat eskatu zioten, adibidez—, eta horrek herritarren bizi-maila okertu zuen. Militarrek une hori baliatu zuten boterea erabat berreskuratzeko.

2011n hasi zen matxinada hura bukatu al da? Hau da emaitza?

Ez, ez da bukatu. Nahiz eta nik liburuan bukaera paratu diodan, epilogoan zehaztu egiten dut. Trantsizio prozesuak dira, eta ezin dugu pentsatu 60 urteko erregimen militarra egun batetik bertzera bukatuko dela. Inboluzio une batean gaude orain, eta arriskua dago hori indartzeko. Badirudi Abdel Fattah al-Sisi jenerala hauteskundeetara aurkeztuko dela, baina nik uste dut militarrak berriz ere lehen lerroan nabarmenki jartzen badira, berriz ere karrikak lehertu eginen direla. Ez dakit Tahrirreko eskaera guztiak beteko diren, baina ikusteko anitz gelditzen da.

 

Entrevista publicada en Berria, el 23/03/2003

 

 

  Egipto tras la barricada

24/03/2014 16:42:02
icone subscripcions

En Virus también necesitamos recuperar energías.
Cerramos del 6 al 21 de agosto. Vuestros pedidos se prepararán a partir del 22.
¡Gracias por vuestro apoyo!